Berria egunkaria: Iruñeko espetxeko emakumeak best

Errespetuzko modulua ezarriko dute kartzelan, eta modulu horretan parte hartzera behartu dituztela dio Salhaketak

Erredakzioa.

Iruñea

Iruñeko espetxeko emakumeen moduluan errespetuzko modulua deritzona ezarriko dutela eta, Salhaketa presoen aldeko elkarteak salatu du modulu hori modu zentzugabean eta arbitrarioan ezarriko dutela; izan ere, haren arabera, preso dauden emakumeek onartu beste aukerarik ez baitute izan.

Errespetuzko moduluan bizi-baldintzak eta diziplina askoz gogorragoak dira, eta derrigorrez bete beharreko arauak daudela azaldu du Salhaketak, eta «eboluzio egokia» izan duten presoek, ordainean, onurak izaten dituzte, hala nola espetxetik ateratzeko baimenak ematen dizkiete eta hirugarren gradua aurreratzen diete. Espetxeetan, modulu hori beste moduluetatik bereizi ohi dute.

Berez, errespetuzko moduluan parte hartzea ez da derrigorrezkoa, hautazkoa da, eta soilik hala nahi duten emakumeentzat da. Iruñeko espetxearen kasuan, ordea, behartu egin dituztela nabarmendu du Salhaketak; izan ere, hala nahi ez duten presoak espetxez aldatuko dituztela esan die espetxeko zuzendaritzak. Iruñeko espetxean emakumeen modulu bakarra dago, modulu txikia da gainera, eta modulua bi zatitan bereizteko tokirik ez dago. «Arkitektura aldetik, ez dago aukerarik bi modulu eraikitzeko», azaldu du Salhaketak. «Oso larria da hartu duten erabakia. Izan ere, zigor bikoitza jasoko dute Iruñeko presoek. Batetik, programa horretatik aterako dituzte, eta, bestetik, modulu horretan parte hartu nahi ez duten emakumeak Espainiako beste espetxe batera eramanez zigortuko dituzte».

Presoen aldeko elkartearen arabera, modulu berriaren inguruko informaziorik izan gabe sinatu behar izan dute presoek moduluan atxikitzeko baimena. Halaber, salatu du «beti» emakumeen moduluan egiten dituztela halako «esperimentuak».

Gallizori gutuna

Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendariari gutuna igorri diote Iruñeko espetxean errespetuzko modulua ezartzeko erabakiaren inguruan hausnartzeko eskatzeko. «Madrilek du azken hitza arlo honetan, eta Gallizori dagokio erabakia aldatzea». Emakume presoen eskubideak errespetatzeko, hainbat galdera ere egin dizkiote Iruñean eraiki nahi duten espetxe berriaren inguruan: «Emakumeen modulurik izango al du? Errespetuzko modulurik? Eta amentzako modulurik izango al du?».

 

Esta entrada fue publicada en Sin categoría. Guarda el enlace permanente.